SAILA: Alkatetza
IZENBURUA: AURREKONTU PARTE HARTZAILEEN PROZESUA
Portugaleteko Udalak aurki bi prozesu abiaraziko du Udalaren 2019ko aurrekontuetan herritarren parte-hartzea ere sartzeko xedez. Bata, herritar orori dago zuzenduta eta bestea, ordea, gazteei, zenbatekoa 400.000 eurokoa delarik.
Testua:
Udalbatzak ekainaren 28an eginiko bilkuran aho batez aurrekontuen prozedura behin onetsita, Portugaleteko Udalak irailean elkarren osagarri diren bi prozesuri ekingo dio 2019ko aurrekontuetan herritarren parte-hartzea ere sartzeko xedez. Bata, herritar orori egongo da zuzenduta eta bestea, aldiz, gazteei beren-beregi.
Prozedura orokorra
Parte-hartzaileak: Portugaleten erroldaturik dauden 16 urtetik gorako herritar guztiak.
Prozesu honi esleituriko zenbatekoa 350.000 eurokoa da. Honek esan nahi du prozesua burutu ondoren herritarrek zenbateko hori atxikita botorik gehien ematen dioten proposamenak 2019rako aurrekontuen barruan txertatuko direla.
Prozesuaren berri izateko, hainbat informazio-bide erabiliko dira. Horretarako, Udalak bandoak ere ipiniko ditu.
Gaineratu behar da nagusiei ere arreta berezia jarriko zaiela. Alta, irailaren 6an, 11:00etan, San Roke gizarte-etxean formazio-bilera bat izango da Udalaren aurrekontuez informazioa emateko. Hala, nagusiek jakingo dute nola parte hartu. Bileran “ Portugalete, Hiri Lagunkoia” proiektuaren talde eragilearen laguntza izango dugu.
Proposamenak jasotzeko fasea irailaren 10etik 13ra bitartean izango da. Proposamenak Portugaleteko auzo zenbaitetatik ibiliko den karpa ibiltari batean aurkeztuko dira. Hala ere, tokiotan ere egin ahalko dira proposamenak: Udalaren Erregistroan, Herritarren Arretarako Informazio Bulegoan (HAIB), Pando Aisian, Santa Klaran, San Roke gizarte-etxean eta Gazte Gelan. Linean ere aurkeztu ahalko dira www.portugaleteON.org webgunearen bitartez.
Urriaren 2an eta hurrengo egunetan proposamen-zerrendaren aurkezpen publikoa egingo da. Egun jakin hori iritsi orduko, Udalaren teknikariek jasota izango dute proposamen horiek betekizunak betetzen dituztela, alegia, Udalaren eskumenekoak direla, tekniko eta ekonomikoki bideragarriak eta legezkoak direla interes partikularrekoak izan gabe.
Botoa emateko fasea urriaren 15etik 18ra bitartean izango da. Horretarako tokiak hauexek izango dira: herritarren karpak, Santa Klara kulturtegia eta www.portugaleteON.org webgunea.
Emaitza loteslea izango da, baldin eta, herritar hartzaileen % 1ek gutxienez botoa ematen badu. Nolanahi ere, batez besteko hori bete ezik, ateratako emaitza kontuan hartuko dute.
Emaitzak herritarrei aurkeztuko zaizkie jendaurreko bilera batean urriaren 30ean 18:00etan Santa Klara kulturtegian.
Nabarmendu behar da prozedurak kontrol-neurriak badituela bermatze aldera prozesua gardena dela baita fase guztietako betekizunak egokiro beteko direla.
Berariazko prozesua, gazteei zuzendua
Iazko aurrekontu parte-hartzaileetan gazte gutxik parte hartu izanak pentsarazi digu lan pedagogiko bat ere egin behar dela biztanleriako sektore horrek, gazteek osatuak, hain justu ere, kontzientzia har dezan Udalaren politikagintzan herritarren parte-hartze aktiboa garrantzitsua dela oso.
Horrek bultzatuta, gazteei berariaz zuzenduriko prozesu bat abian jartzeko erabakia hartu zen. Hori Portugaleteko ikastegiekiko elkarlanari esker gauzatuko da.
Prozesu horren bitartez, gazteek erabakiko dute 2019ko aurrekontuaren 50.000 euroko diru-saila zertarako erabiliko den.
Parte-hartzaileak hauexek izan daitezke: Portugaleteko Bigarren Hezkuntzako ikastegietako batean ikasketak egiten ari diren gazteak, 16 eta 20 urte bitartekoak, hain zuzen, baldin eta, ikastegiak prozesuan parte hartzea erabakitzen badu.
Gazte parte-hartzaileek, lehenik eta behin, hala Udalaren aurrekontuei buruz nola herritarren parte-hartzeaz oinarrizko formazioa jasoko dute. Prozesuaren beraren informazio beharrezkoa ere izango dute.
Ondoren, proposamenak egingo dituzte. Proposamenok taldeka aurkeztu eta eztabaidatu ondoren haietatik hiru lehenetsi beharko dituzte. Behin ikastetxe guztietako proposamenak jasota, Udal teknikariek aztertu eta balioetsi egingo dituzte. Gero, behin betiko zerrenda prestatuko da. Jarraian, zerrendako proposamenen artean bozketa egingo dute. Bozketaren emaitzan ateratzen dena izango da 50.000 euro horien helmuga. Ondorioz, 2019ko Udalaren aurrekontuan sartuko da.
Lau ikastegik bederen parte hartu beharko dute emaitza loteslea izan dadin.
Gazteei zuzenduriko prozesuan parte hartzen dutenek ez dute prozesu orokorrean parte hartzerik izango.

ANUNCIO BANDO MUNICIPAL
TRÍPTICO PRESUPUESTOS PARTeusk WEB_ok

Iruzkina moderazio itxaron-zerrendan dago

Zeure ahotsa entzutea nahi al duzu? Sartu behar duzu iruzkina egiteko